XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Jo, zergatik ez? protestatu nuen... orduan ez du graziarik....

Beno, Batman izena jarriko diot orduan....

- Ikusiko dugu erantzun zidan aitak eta berriz ere, barre egin zuten biek.

Berria eman zidatenetik, gauero, eta denboraldi batez, amets gaizto berbera izaten nuen: zango luze, argaleko eta moko handi, zorrotzeko hegazti txuria hegan zetorren bide luzea egiteko prest etxerako bidean, mokoan maindire zuriz egindako fardela zekarrelarik eta bertan, nire Batman.

Bide luzeegia zen, ordea, atsedenik gabe egiteko eta hasieran txikia zen nire futbolkidea handitzen zihoan, bere pisua gero eta astunagoa zelarik.

Bide erdia baino gehiago egina zuen hegazti zuriak, baina ordurako leher eginda zegoen eta... fardela moko artetik irristatu zitzaion.

Fardel txuriaren goitik beherako abiadura handitzen zihoan eta maindire arteko futbolariak, abiadurak sortutako hotzak bere aurpegia miazkatzean, barre egiten zuen, gertatzen ari zenaren ideiarik ere izan gabe.

Puntu txikiz zipristindutako tapiz berdea gerturatzen zihoan, orain, mendi, zuhaitz, etxe, harkaitz... eta bestelakoak ikus zitezkeelarik eta azkenean... nire anaitxoarekin egiten zuten topo eta mila pusketatan zatitzen zen....

Orduan esnatu eta gurasoengana joaten nintzen negarrez.

Amak anaia ongi zegoela esaten zidan eta belarria, azkenaldi hartan etengabe handitzen aritu zen bere sabelaren gainean jarri eta asko harritzen ninduen tan-tan... bat entzun eta astinalditxo bat sentitu ondoren, asko lasaitzen nintzen.

Bai, azkenaldi hartan amaren sabela handitzen ari zen, Errealeko jokalari guztiek sinaturiko larruzko baloia baino puztuagoa zegoelarik.

Edozein momentutan lehertu egin behar zuela zirudien.

Baina, amaren espresio eta ahotsa, egun haietan, inoiz baino gozoagoa zen (...).